|
Lehen Mundu Gerra mundu osoko guda izan zen, 1914ko uztailetik 1918ko azaroaren 11ko Armistizioaraino luzatu zena.
Historia
Borroka handiak piztu ziren Europan mende hasieratik, Balkanetako bi guduetan Turkiarren aurka aurrena eta hari irabazitakoaren banaketan gero. Lehen Mundu Gerratean lehengai-iturriak eta kolonietako banaketaren kontrolengatik borrokatu zen batez ere. Sarajevon, Franz Ferdinand artxidukea, Austria-Hungariako tronuaren jaraunslea, eta haren emaztea hil zituen Bosniako serbiar batek 1914ko ekainaren 28an. Horrek gerra piztu zuen Europako potentzien artean: batetik, Europako erdialdeko potentziak — Alemania, Austria-Hungaria, Turkia eta Bulgaria—; eta bestetik, aliatuak — Frantzia, Ingalaterra, Errusia, Belgika, Serbia, Japonia, Italia, Errumania, Grezia, Portugal eta beste zenbait estatu. Aliantza-sistemen bidez, gatazka berehala zabaldu zen. Abuztuaren 1ean, Alemaniak Errusiari gerra deklaratu zion eta 3an Frantziari; 2 eta 3an Belgika inbaditu zuenean, Erresuma Batuak gerla deklaratu zion 4an eta Japoniak 23an. Handik gutxira, Turkia inperio zentralekin aliatu zen. Alemaniarrak Paris hartzen ahalegindu ziren, baina írailaren 9an Marne-n gelditu zituzten eta, ia gerla amaitu arte, mendebaldeko frontea geldirik egon zen.
1915ean, Bulgaria Alemaniarekin elkartu zen eta Italia aliatuekin. Ekialdean, errusiarrek guda asko galdu zituzten. Verdun-go eraso handian (1916) porrot egin zuen Alemaniak eta aliatuek Somme-n kontraerasoa egin. 1917an, AEBak gerran aliatuen alde sartu izanak gerraren amaiera erabaki zuen. Boltxebikeek Errusia menderatu zuten eta 1918ko martxoaren 3an Alemaniarekin Brest-Litvsk-eko ituna izenpetutakoan, Errusia gerratik irten zen eta Errumania ere errenditu. Horrek alemaniarrak indarberritu zituen eta berriro Parisen sartzen saiatu ziren, baina Marneko bigarren batailan Foch-en armada aliatuak geldiarazi zituen. Inperio austrohungariarra ahuldu zen eta Alemaniak armistizioa izenpetu. Gerraren ondorioz, zortzi milioi lagun inguru hil ziren, lau inperio (Alemania, Austria-Hungaria, Errusia eta Otomandarra) erori eta nazio independente berriak sortu ziren: Txekoslovakia, Polonia, Finlandia, Estonia, Lituania, Letonia eta Jugoslavia. Austria eta Hungaria ere bitan banatu ziren.
|